Ongi Etorri Heziketa Fisikoaren Mundura!!

HERRI KIROLAK




Herri Kirolak baserriko lanari lotutako kirolak dira. Baserriaren bizimodua eta lana dira herri kirolaren oinarriak.
Gure arbasoek mota ezberdinetako lanak burutu behar izan zituzten beraien familiak aurrera ateratzeko, inguru zail batean. Hala nola baserriak berak eraiki, egurra egin, ikatza sortu, lurra landu, belarra moztu, uztak garraiatu...
Azter ditzagun laburki kirol hauek banan bana:



TRONTZA

Trontza bi helduleku dauzkan zerra mota bat da. Bi jokalari maneiatzen dute modu koordinatu batean, bakoitza txandaka bere aldera tiratuz. Ekintza tiratzean datza eta ez bultzatzean.
Lehiaketa lurretik 50 zentimetrotara eta etzanda dagoen enbor bati mozketa kopuru jakin batzuk ahalik eta azkarrenean egitean datza.
Neskek 10 mozketa egin behar dituzte mutilak berriz 22.
Mozketaren ondorioz lortzen ditugun xerrak osorik atera behar dira erruz apurtu ezkero ez dira ontzat emango.


ORGA JOKOA edo GURDI JOKOA

Gurdi bat besoekin atze aldetik altxatu eta aurreko ardatza euste-puntu moduan harturik, ahalik eta bira gehien egitean datza.
Gurdia 210 kg. izaten ditu. Gurdia behin altxa ondoren gurpilen bat lurra ukitu ezkero froga bertan amaituko da eta bertaraino emandako birak zenbatuko dira. Gurdia jasotzerakoan bizkarra zuzen izan behar da, zama hanken indarrarekin altxatuz eta ez gerritik tiratuz. Gurdiaren pisua besaurreekin eusten da. Gorputza gurdiari begiratzen dioten bitartean, zangoek gerria biratuz, ibilbidearen norabidea jarraituko dute.


SOKATIRA.

Zortzi jokalariz osatutako taldea antzeko pisua duen beste taldearen aurka lehiatzen da. Talde bakoitza sokaren mutur banatik hartu eta aurkaria erakarri beharko du. Soka kalamuzkoa da eta 10 zentimetroko lodiera du.
Harri gainean, goma gainean edo lur eta belar gainean lehiatu daiteke.
Indar gehien egin ahal izateko tiratzerakoan gorputza atzealdera etzan egingo da. Taldekide guztiek lerro bat osatuko dute eta sokaren alde berdinean kokatuko dira. Pisu gehien duen jokalaria atzean kokatzen da.
Taldeko pisuaren arabera kategoria ezberdinetan daude.
Lehiaketa bi tiraldi irabazten duen taldeak irabaziko du. Tiraldi bakoitza sokaren alde ezberdinean egiten da.
Tiraldia hasi aurretik lurreko eta sokan dauden markak parekatu behar dira.
Tiraldia, sokak duen marka lurrean 4 metrora dagoen marka iragaitean bukatzen da.



AIZKORA

Neurri jakin bateko enbor bat edo enbor kopuru bat, aurkariak baino lehenago moztean datza.
Aizkolariak enbor gainean jartzen dira. Enborra mozteko ebaketak bi aldeetatik egiten dira.
Zenbait lehiaketa bikoteka egin daiteke kirolariek txandaka parte hartuz, bakoitzak nahi beste denboran ihardun dezakeelarik. Enborraren lodiera neurtzeko unitate bereziak erabiltzen dira: Ontza (2,3 cm) Kana (248,4 cm) Kanaerdi (124,2 cm) Oina (82.8 cm) edo Oinbikoa (165.6 cm).
Enbor horizontalean lehiatzen da normalean nahiz eta bertikalean ere lehiatu daiteke. Modu honetan egiten den lehiaketan aizkolaria enborrari mozketa txikiak egin eta bertan ohola sartuz altuera irabazten joango da. Behin goraino iritsi danean enborra mozteari ekingo dio.

BIRLA JOKOA edo BOLA JOKOA

Trebetasun jokoa da, non egurrez trinkoz eginiko bola batez  zutik dauden birla edo boloak bota egin behar dira.
Mundu osoan jokatzen den jokoa da. Euskal herrian zonaldearen arabera jokoak izen, arau eta ezaugarri ezberdinak hartzen ditu (Hiru Txirlo, Pasabola,  Aiarakoa,  Bizkaikoa, ...). Jokoaren arabera hiru, lau edo bederatzi birla erabiltzen dituzte. Batzutan botatzea debekatuta dagoen birla txikiago bat jartzen dute jokoa zailago eginez. Bolaleku batzuk aldapatxoak edo goralditxoak dauzkate.

ARRAUNA

Itsasoan eta ontzi baten gainean arraunlariak distantzi zehatz bat ahalik eta azkarren burutzean datza.
Arraunlari bakoitzak arraun bakarra du, tosta izeneko eserleku tinko batean doa eserita eta atzerantz begira egiten du arraun.
Hiru ontzi mota bereizten dira.
o   Batela: 7 m., 70 kg., 4 arraunlari eta patroi bat
o   Trainerila: 9,5 m., 100 kg., 6 arraunlari eta patroi bat.
o   Trainera: 12 m., 200 kg., 13 arraunlari eta patroi bat.
Estropada normalean joan etorriko eremuan egiten dira. Balizari bira emateari “ziaboga” egitea deritzo (Une horretan istriborreko arraunlariak bogan egiten dutelako eta ababorrekoak berriz zian).
Talde bakoitzak kolore bat aukeratzen du taldearen irudi modura.



 LOKOTX PROBA 

Lurrean errenkadan kokatutako lokotxak banan-banan ahalik eta azkarren jasotzean datza. Lokotxak irteeran kokatua dagoen saskian jasoko dira. Jasotako lokotxa saskian sartu baino lehen ezingo da hurrengoaren bila joan. Lehenengo lokotxetik saskira eta lokotx artean 1,25 m. distantzia egongo da. Guztira 25 lokotx izango dira. Lokotx gehiagorekin ere jokatu daiteke; 50 lokotx jasotzera bada, bi lokotx jarriko dira marka edo gune bakoitzean. 75era bada hiru eta 100 era bada lau jarriko dira.
Zein lokotx lehenago jaso eta zein ondoren, kirolariak berak aukeratzen du.
Lokotxak saskiratzeko jaurti egin daitezke baina kanpora joan ezkero berriz hartu eta barrura sartu beharko da.

 SEGA

Mugatutako zelaian eta denbora jakin batean, ahalik eta belar kilo gehien ebakitzean datza.
Segalari bakoitzak laguntzaile talde bat izan dezake belarra bildu, batu eta pisatzeko. Segalaria belarra ebakitzeaz gain bere sega zorroztu beharko du. Normalean txapelketetan lana bi ordutan egin behar izaten da. Sega heltzeko eskuineko eskua kirtenean eta ezkerrekoa atzekoan kokatu behar da. Ebaketan, mugimendua eskuinetik ezkerrera egingo da zirkunferentzi erdia osatuz. Ebaketa baten ondoren pauso bat aurrera eman eta mugimenduaren teknika errepikatzen da.


LASTO ALTXATZEA

Lasto fardel bat, denbora mugatuan eta altuera jakin batera ahal den gehienetan jasotzean datza.
Frogaren iraupena normalean bi minutukoa izaten da. Fardelak 45 kg izango du gizonentzat eta 30 kg. Emakumezkoentzat. Altuera berriz gizonentzat 7 metroko eta emakumezkoentzat 5 metro. Altxaldia ontzat emateko fardela lotzen duen korapiloak txirrika jo behar du.
Lehenengo altxaldia sokatik indarrez tiratuz egiten da, ondorengoetan berriz gorputzaren pisua erabili ohi da kontrapisu moduan. Fardela erortzerakoan lurra ukitu baino metro batzuk aurretik soka heldu eta fardelaren erortze indarra erabiltzen da kirolaria gorantz eramateko. Lortutako altueratik eta  bere pisuaz baliatuz errazago suertatuko da fardela berriz altxatzea. Adi egon behar da eskuak ez erretzeko.


 PALANKA 

Palanka izeneko burdinazko barra bat ahalik eta urrutien jaurtitzean datza.
Palankak neurri eta pisu desberdinak ditu. Barra arruntenak 10-12 kg. ditu eta 1,5 m. neurtzen ditu.
Hiru jaurtiketa mota ezberdin jokatu daitezke.
o   Bularrez: Besoa zabalik, besoaren mugimenduaren bitartez jaurtitzen da.
o   Biraka: Bularrez bezala baina abiada hartzeko kirolaria bere baitan biratu egiten du.
o   Hankapetik: Kirolaria zelaiari bizkarra emanik kokatzen da. Palanka hanken artean eta eskuekin muturretik helduta atze aldera jaurtiko du.


LASTO JAURTIKETA

Sardea erabiliz, lasto fardela ahalik eta altuera handienera jaurtitzea. Pertika edo altuera jauzian modura listoi bat jarriko da altuera ezberdinetan, altuera bakoitzean hiru saiakera egin ahalko dira. Hiru kale eginez gero, jokalaria kanporatua izango da. Altuera handiena igarotzea lortu duen jokalariak irabaziko du proba.
Jaurtiketa egiteko sardea sorbaldaren gainean jarri eta abiada txiki bat hartzen da. Momentu batean sortutako inertzia aprobetxatuz, sorbaldarekin palanka egingo dugu fardelak gorantz boteaz. Fardela puntu altuenera iristen denean sardeari bultzakada bat ematen zaio.



GIZA PROBA 

Harri pisutsu bat denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzean datza.
Taldeka nahiz banaka jokatu daiteke. Harritik tiratzeko kirolaria kate batez harria lotzen duen gerriko bat jartzen du. Atzerantz tiratuko da.
Bidea plazan eta joan etorrian egiten da. Erreka harri borobilez egindako plazetan lehiatzen da normalean harriak ondo irrista ditezen.
Gerria ahalik eta tinkoen mantentzea eta lan gehiena hankekin egitea ezinbestekoa da.
Animaliekin ere antzeko froga bat egiten da. Normalean idiak edo zaldiekin lehiatzen da. 


 HARRI-JASOTZAILEAK

Harria lurretik sorbalda gaineraino altxatzean datza. Lehiaketetako lana harria denbora zehatz batean zeinek gehiagotan altxatzen duen izaten da. Hala ere badira harri handiena altxatzearen lehia.
Txapelketaren arabera kilo ezberdinetako harriak aukeratuko dira. Harriaren forma kontutan hartzen badugu lau dira jeneralean erabiltzen diren harriak:
o   Zilindrikoa. Bi helduleku dauzka.
o   Lauki-luzea. Bi helduleku dauzka.
o   Esferikoa. Ez du heldulekurik.
o   Kubikoa. Ez du heldulekurik.
Harri-jasotzaileak gerria gerrikoz estutu eta babestuko dute. Hala ere mina ez hartzeko teknika fina erabiltzea ezinbestekoa da.
Harri laukizuzena eta zilindrikoa altxatzeko harria aurrerantz bultza eta belaunen aurka ipiniko dugu, ondoren, heldulekuetatik eutsi eta palanka eginez izterretara igoko dugu. Orduan eskuak heldulekuetatik atera eta harria besoekin inguratuz gorputzerantz ekarriko dugu. Jarraian, eskuak harriaren oinarrian jarri eta gerri kolpeen bidez pixkanaka sorbaldarantz igoko dugu.
Harri kubikoa eta esferikoa jasotzeko hankak flexionatuko ditugu enborra makurtu eta eskuak harriaren azpian jarriko ditugu. Harria biraka igoko dugu.



TXINGA ERAMATEA

Eskuan txingak hartuz ahalik eta distantzia luzeenean eramatean datza. Kirolaria nahi duen abiaduran egingo du bidea, gelditu daiteke, baina beti txingak lurrean utzi gabe. Nahi adina denbora erabili dezake lana burutzeko.
Txinga eramaileek banan-banan hartuko dute parte.
Lana plazan egiten da joan etorriko ibilbidean.
Gizonezkoen txinga bakoitzak 50 kilo pisatzen dute (50X2= 100 kg.), eta emakumezkoak berriz 25 kg. ditu.
Txingak garraiatzerakoan bizkarra ahalik eta zuzenen eraman behar da.



 ZAKU LASTERKETA (MUGALARIAK)

Pisu jakin bateko zakua sorbaldan eramanez, distantzia mugatu bat ahalik eta azkarren egitean datza.
Zaku lasterketa bakarka edo taldekideen artean errelebuka jokatu daiteke. Txapelketa ofizialetan erabili ohi den pisua 80 kilotakoa da; arto, gari edo antzekoz betea eta lau muturrak sokarekin lotuta.  Ibilbidea berriz 120 metrotakoa. Zakua bizkarrean eta bi muturretik helduta garraiatzen da.
Zaku proba taldeka denean, zakua bi jokalarien artean bizkarretik bizkarrera pasatuko dute.



Interesgarria